Sarako Izarra – DRT topaketa berezia bihar ospatuko da

Bihar, hilak 4, DRTko eskolako taldeak eta Senior Neskak taldea Sarara joango dira bertako Sarako Izarrak taldearekin jardunaldi eta topaketa berezi baten parte izateko

Bi kluben arteko harremana sendotu eta mantentzeko asmoarekin, joan den denboraldian Senior Mutilak taldeentzat Muga Gaindituz garaikurra jokoan jartzea erabaki zen, eta orain, irteera berezi hau egitea erabaki dugu, bi kluben arteko harremanekin lanean jarraitzeko.

Eguneko programak errugbia baino askoz gehiago izango du. Izan ere, eskola taldeentzako Sarako Leizeetara bisita gidatuak eta bazkaria antolatu dira. Horrela, goizeko 8:00etan DREko hiru autobus irtengo dira Durangotik Sarara, jokalari eta gurasoekin, eta 10:00etan U8, U10 eta U12 taldeek Sarako eskolako taldeen aurka lagunartekoak jokatuko dituzte.

Bitartean, U14ko taldeak bisita gidatua egingo du eta 12:00etan partida jokatuko dute. Orduan U8, U10 eta U12 taldeek Leizeetara bisita egingo dute eta gero denak bazkaltzera joango dira.

Arratsaldean, 15:30ean, Senior Neskak – Sarako Izarrak Neskak partida jokatuko da. Partida berezia izango da, Sarako emakumezkoen taldea aurten sortu delako eta bere lehen partida gure taldearekin izango delako. “Beti gogoratuko den eguna izango da, Sarako Izarrak Nesken lehen partida eta klubaren 50. Urteurrena ere”.

Topaketaren helburua, urtez urte finkatzea eta mantentzea izango da. Oraingoan Saran burutuko da eta datorren urtean Durangon.