“Ahal den neurrian euskara hutsean funtzionatzea da DRTk duen helburua”

Gotzon Gómez, Klubeko Euskara Batzordeko arduraduna, eta Ane Díez, Senior Neskak taldeko kapitaina, izango dira Korrikaren lekukoa eramango dutenak

Martxoaren 31tik apirilaren 10era Amurriotik Donostira milaka euskaldunek ‘HITZEKIN’ lelopean euskararen alde korrika egingo dute. 22. edizioa ate joka daukagu eta DRTk euskararekiko konpromisoa berretsiko du datorren ostiralean, apirilak 1.

Korrika Durangora iritsiko da ostiral goizaldean eta DRTk 169 kilometroan hartuko du lekukoa. San Martín atarian, hain zuzen ere. Dena prest? Beroketa lanak nola doaz?

– Gotzon Gómez: Aurtengo erronka potentea da. Aurreko edizioa larunbatean eta arratsaldean izan zen, eta oraingoan goizeko 5:00etan pasatzen da. Hala eta guztiz ere badirudi jendea gogoz dagoela eta parte hartzeko prest.

– Ane Díez: Oso ondo. Ia egunero kirola egiten dudanez oso ohituta nau gauza hauetara, lo gutxi egingo dut, baina pozik Korrikaren parte izateagatik.

HITZEKIN lelopean dator 22.Korrika. Ze helburu ditu DRTk euskararekiko?

– G.M.: Ahal den neurrian euskara hutsean funtzionatzea da DRTk duen helburu nagusia. Hori da gure erronka. Entrenamendu, partiduetan eta eguneroko komunikazioan euskarari lehentasuna ematen diogu. Guk argi daukagu eta baikorrak gara, baina oraindik gizartean ez da hain argi ikusten.

Ze nolako erronkak ditu Klubak eta talde bakoitzak euskaren normalizazioan eta sustapenean urratsak ematen jarraitzeko?

– G.M.: Klubeko kideak, begiraleak eta monitoreak euskaldunak diren heinean errazagoa izango da gure erronka aurrera eramatea. Euskarari lehentasuna ematen jarraituko dugu eta gure eginkizuna eta jarduera guztietan euskara izatea hizkuntza.

– A.D.: Euskara beti klubaren oinarri bat izan da eta gure egunerokoan modu naturalez egiten dugu, kostatzen zaienei aukera emanez eta lagunduz.

Nola definituko zenuke euskararen egungo egoera?

– G.M.: Izatez euskara teknikaria naiz eskola baten eta prestakuntzaz filologoa eta ikusten dut momentu erabakigarri baten aurrean gaudela. Gizartean erlajazioa ikusten dut. Lehentasuna ematen zaie beste hizkuntza batzuei (ingelesa, frantsesa…) eta hau ondo dago, baina euskaldunok ez badugu egiten euskeraz, nork egingo du? Hori da datozen belaunaldiei transmititu behar dioguna. Inoiz baino euskaldun gehiago dagoz, baina inoiz baino euskera gutxiago egiten da. Korrika edo Euskaraldia bezalako ekimenak jendea esnatzeko balio dute eta hitza hartzeko. Aurtengo lema inoiz baino egokiagoa da ‘Hitzekin’. Hau da, euskeraz hitz egin dezagun.

– A.D.: Urrats handiak eman dira orain arte, baina oraindik badago lana egiteko.

Zer suposatzen du zuentzat korrikaren lekukoa eramateak?

– G.M.: Aurreko edizioan Gerediagaren lekukoa eraman nuen eta nik Gerediaga eta DRT barruan daramatzat. Errugbiak asko eman dit eta esan zidatenean goizeko 5:00etan eraman behar nuela, niretzako poz handia izan zen. Zure klubaren izenean lekukoa eramatea eta maite duzun kluba eta hizkuntza uztartzea ohorea bat da.

– A.D.: Nire aldetik esan dezaket inoiz ez dudala pentsatu horrelakorik tokatuko zitzaidanik eta egia esan, poz handiz hartzen dut ardura hau.