“Etxea ez genuen teilatutik hasi behar eta horregatik pixkanaka egin dugu. Orain bueltan gaude”

Ane Martínez Arrieta, Senior Nesken kapitaina da aurten. Era berean Antxon Iriondo, Senior Mutilen kapitaina da. Pandemia garaian ere kapitainak, lagunak eta DRTko familiakideak. Hasierako solasaldia, Ane Martinezi egin diogu. Hemen bere erantzunak.

Pandemia garaian osasuna lehentasuna bilakatu da, nola bizi izan duzu eta bizi duzu egoera hau?

Gure buruetan errugbia baino lehen momentu honetan osasuna dago eta ongizatea bermatzea gure jokalari eta taldekideen artean. Guri zelaiara bueltatu ahal ginela esan ziguten eta denok bueltatu gara pozik aukera hau aprobetxatuz, neurriak errespetatuz eta batez ere modu eraikitzaile baten jokatzen, bata besteari laguntzen eta arduratsuak izaten. Egoera hau ez da pertsona batek aurre egiteko, denok batera aurre egiteko da eta guk benetan nahi badugu errugbiaz disfrutatu momentu honetan patsadaz eta astiro egin behar dituguz gauzak, baina gogo handiagaz. Benetan eskertzekoa da jokatzeko aukera izatea.

Nola daramazu denboraldi arraro hau?

Urte hau denontzat arraroa izaten ari da arlo guztietan. Bizipen berri bat, inoiz bizi izan ez duguna eta ezustean harrapatu gintuen. Hasierako etxeratze-agindutik kriston gogoak izan ditut taldekideekin egoteko, errugbia berriz sentitzeko. Denboraldi arraro hau oso gogotsu hasi dut, baina hasieratik denok dakigu aurtengo errugbia aurreko urteetakoekin konparatuta ezberdina izango dela. Honek prisarik gabe eta lasaitasunez aritzea eskatu digu, etxea ez genuen teilatutik hasi behar eta horregatik gutxinaka, pixkanaka egin dugu. Orain bueltan gaude eta garrantzitsua hori da.

Ze nolako sentsazioekin bueltatu zara?

Hasieran beldurra izan nuen. Ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen, baina egia esan bai ni eta baita talde eta Klub osoa irrikitan egon gara berriz ere zelaira bueltatzeko. Hala ere inguruko egoera kontutan izanda, eta ikusita momentu askotan Durango egoera oso txarrean egon dela beldurra izatea ere normala da.

Entrenamenduen etenak eragina izan du?

Taldean pentsamendu positiboekin gaude, lanerako prest eta bai, denbora luzez geldi egon garenez egokitu eta hobetu behar dugu, baina oso pozik nago. Hasi ginenetik hainbat gorabehera izan ditugu, hainbat joan-etorri eta eten semaforo gorrian sartzen ginen bakoitzean eta honek eragina izan du. Hasierako lana bakarkakoa izaten ari da, fisikoa batez ere eta egoera honek baimentzen digunaren arabera.

Talde moduan nola zaudete?

Aurten neska gutxi gaude. Egia esan espektatiba asko nituen Sub18 eta 16tik neska talde bat zegoelako eta aurtengo taldea handia eta indartsua izatea espero nuen kantidade aldetik eta ez da horrela izan. 14 fitxa ditugu, baina hala ere lanean jarraitzen dugu, topera. Gure onena ateratzeko prest eta aitortu behar dut nahiz eta guxti egon gaudenok oso gogotsu gaude eta rugby-10 modalitatean arituko gara aurten ere.