“Durangar guztiak DRTren batzorde sozialeko partaideak dira”

Garagardo Azoka ekainaren 16tik 19ra bitartean ospatuko da Landako gunean

Jon Kepa, Santi, Javi, Nerea, Iñaki, Imanol, Antxon eta Iker Durango Rugby Taldeko Gizarte batzordeko kideak dira. Baina beraiek esaten duten bezala “izen propioez gain, guretzat batzorde soziala klubeko kide guztiek osatzen dute, jardueretan parte hartzen duten edo laguntzen duten guztiek. Guretzat durangar guztiak DRTren batzorde sozialeko partaideak dira.”

Ze nolako gaiak dira zuen ardurapekoak?

– Ekintza eta proposamen ezberdinetara zabalik gaude. Egunerokoetan pintxopoteaz, Goienkaleko otzaretaz… arduratzen gara eta garaiaren arabera: Torneoetako 3. denborak, Klubaren aurkezpena, jaietako Rugby eguna, Movember, denboraldi bukaerako jaia eta horrelakoak antolatzen ditugu. Ez dakigu geldirik egoten eta jaiak dira gure puntu indartsuena.

Zenbatero biltzen zarete?

– Garaiaren arabera baina hileroko errutina dugu. Ekintzak prestatzeko gehiagotan ikusten gara. Batzartzeko klubeko egoitzaz aparte Durangoko txokoak ere erabiltzen doguz.

Arlo soziala klubak asko zaintzen eta lantzen duen arloa da. Zer izango zen DRT gizarte batzorderik gabe?

– “Kriston” rugby klub-a izango zen, baina pipermin puntu bat faltako zitzaion ja,ja,ja.

Pandemia atzean utziz, berriz ere jaiak eta ekimen solidario ezberdinak antolatzeko aukera izan duzue, azkenengo Movember bi edizioak adibidez. Nolakoak izan dira azken bi urteak zuen eginkizunaren ikuspuntutik?

– Erantzunkizunez jokatu dugu eta baimendutako ekintzak bakarrik aurrera atera ditugu. Movember-en kasuan moldatu egin gara, helburu eta ekintza desberdinak egin dira, baina jendearen aparteko erantzunaz aurreko urteetako diru bilketak zein komunikabideetan presentzia hobetu ditugu.

Garagardo Azoka buelta izango dugu ekainean. Zer aurkituko dugu bertan?

Errezeta ohikoa: kirola eta jaia: Nesken Rugby Txapela torneoa, musika, garagardo mota desberdinak…. Erreserbatu agendan: ekainak 16tik 19ra Landako gunean ikusten gara!!!