Naroa Azpitarte, DRTko jokalari gaztea, Espainiako Sub18 Selekzioarekin
Abenduaren 3tik 8ra Valladoliden izan den entrenamendu deialdiaren parte izan da
5 urte besterik ez zituenean Naroa Azpitarte durangarra Durango Rugby Taldean errugbian jokatzen hasi zen. Hamaika urte geroago, jokalari eta pertsona gisa hazten ikusi duen klubean jarraitzen du, eta aurten senior neskak taldean bere lehen denboraldiari aurre egiten dio.
Etorkizun oparoarekin errugbian, Naroak Valladoliden ospatu zen Espainiako Sub18 Selekzioaren deialdian parte hartu zuen abenduaren 3tik 8ra. “Guztira zortzi bat entrenamendu izan ziren, goizez eta arratsaldez edo egunean behin. Gimnasioan ere lan egin genuen, eta seven joko-modalitatea landu genuen; paseak ere…”, azaltzen du jokalari gazteak. Izan ere berarentzat “oso esperientzia positiboa izan da, eta hobetzen jarraitzeko aukera bat, beste pertsona batzuk nola jokatzen duten ikusteko eta haiengandik ikasteko”.
Senior neskak taldearen Euskal Ligako denboraldi hasiera onaz galdetuta, hasiera ezin hobea izaten ari dela aitortzen du. “Uste dut azken urteetan taldeak bolada ezberdinak izan dituela, urte oso onak eta azkenak ez hainbeste. Orain uste dut gora egiten ari garela, eta datorren urtean errugbi 15 modalitatean jokatzeko prest egongo garela”.