Movember 2021: Mov Day ekitaldi berezia
Biharko pintxo-potea berezia izango da
Hilaren hasieratik eta urtero lez, DRTk Movember gizarte mugimenduak antolatzen dituen ekintzekin bat egin du. Aurtengo edizioan ere gizonengan prostata eta barrabiletako minbiziak dituen arriskuen inguruko prebentzioan kontzientziazio eta sentsibilizazioa bultzatzeko ekintza sinbolikoak aurrera eraman ditu. Bibotea uzteaz animatzeaz gain, kamiseta eta Mov-pultserak salmentan jarri ditu Klubak eta bihar arratsaldean kanpaina bukaerako MOV-DAY ekitaldi berezia ospatuko dute Rugby Tabernan.
“Egungo egoera kontuan hartuta pintxo-potea egingo dugu, baina osasun egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin. Hasiera batean hainbat gauza egitea aurreikusi genituen. Fanfarria, kartelak ipintzea, photocall bat… baina murrizketa batzuk izango dira. Hau da ez da fanfarriarik izango eta kartelak ez dira ipiniko”, adierazi du Iker Mendieta Durango Rugby Taldearen batzorde sozialeko kideak.
Orain arteko balantzeari dagokionez, momentuz 500 kamiseta saldu dira Durangon eta inguruko rugby klubetan eta mov-pultserak Dendak Bai elkartearen bitartez hainbat salmenta puntutan eskuragarri egon dira. “Momentuz erantzuna polita izaten ari da, baina aurrerago behin betiko balantzea ezagutzera emango dugu zenbat lortu dugu jakinarazteko”, adierazi du Mendietak.