“Errugbia beti probatu nahi izan dut eta gero eta gehiago gustatzen zait”
Bittor Arakistain – DRT U18 taldeko jokalaria
16 urterekin, Bittor Arakistain zaldibartarra bere lehen denboraldia burutzen ari da DRTn, baita errugbi jokalari gisa lehen esperientzia jasotzen ere. Joan den irailean hasi zen U18 formazio taldean eta “denbora gutxi daramadan arren, gero eta gehiago gustatzen zait” aitortzen du.
DRTra etortzea zergatik erabaki zuen galdetuta, “errugbia beti probatu nahi izan dut, eta jokalari berrien bila ari ziren iragarkia ikusi nuenean probatzera animatu nintzen. Nire aitak ere saiatzera bultzatu ninduen, berak ere DRTn jokatu baitzuen”, azaldu du.
Larunbat honetan, Bittorrek beste partida bat jokatu zuen U18&Getxo taldearekin eta Euskal Ligan garaipen berri bat ekarri zuten bueltan. 12-45eko emaitzarekin La Única talde iruñarraren aurkako norgehiagoka berdegunearen egoerak baldintzatu zuen. Izan ere, izotzak eta tenperatura baxuek izoztuta, hasieran ez zen partida erosoa izan, baina azkenean partida borobila jokatu zuten eta garaipen garrantzitsu bat lortu zuen taldeak.