Senior Mutilak taldeak sentsazioak berreskuratu ditu liga garaipen berri batekin

DRT 29 – 13 Sarako Izarra
Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren garaile eta II.Muga Gaindituz garaikurraren irabazleak izan gara

Senior Mutilak taldeak Euskal Ligako bigarren garaipena jarraian lortu zuen larunbatean Sarako Izarraren aurka eta II.Muga Gaindituz garaikurra irabazteko ere balio izan zuen.

Santos Regilen mutilek denboraldiko partidarik osoena jokatu zuten eta lehen minututik jarrera goraipagarria izan zuten. “Egia da partida erdian aurkariaren jokoagatik sufritzea egokitu zitzaigula, baina hori euriak eta txingorrak gehituta zetorren”, adierazi du entrenatzaile ordiziarrak. Izan ere benetako neguko errugbi partida bat izan zen larunbat arratsaldean jokatutakoa.

Partidari dagokionez, gureak oso ondo aritu ziren defentsan, bai plakatzen, bai baloiak berreskuratzen ia faltarik egin gabe, eta “erasoan plus hori eman genuen, mundu guztia kontzentratuta eta partidan oso sartuta egotearena”, aitortzen du Santosek.

Gauzak horrela, DRT 29-13 gailendu zen. “Oso pozik nago taldearen ahaleginarekin eta merezi duten saria izan zutela uste dut. Espero dut garaipen hau ere inflexio-puntu bat izatea, sinetsi eta gora egin dezagun”, baikortasunez adierazi du entrenatzaileak.

ARGAZKIAK: LUIS ITURRIOZ