Asteburu polita oso [Kronika & Irudiak]

Martxoaren 24, 25 eta 26 asteburua oso asteburu polita izan da Durango Rugby Taldearentzat, baina asteburuko kontakizuna hasteko, martxoaren 21era atzera egin behar dugu, izan ere, egun hortan Down Sindromearen nazioarteko eguna ospatzen da eta Uni Bilbaotik horren inguruko gonbidapena jaso genuen. Izan ere, euren Rugby Eskolan Down Sindromedun ume bat dago eta egun hori tarteko, galtzerdi desberdinak jansteko ekimenaren berri eman ziguten, alegia, egun horretan galtzerdi desberdinak janstea honen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko. Gonbidapen hori jaso eta ekimena DRT osoan zabaldu genuen, baita senior taldeek aurkari izango zituzten klubetara ere. Hori dela eta, kronika hau laguntzen duten argazkietan galtzerdi desberdinak ikusiko dituzu.

Zapatu goizean U8 taldeak Igorren izan zuen Bizkaiko Eskolarteko topaketa, U10, U12 eta U14 taldeek berriz, Arripausuetan Uni Bilbao taldearekin jokatu zituzten euren partidak. Eguraldi ederra lagun, goiz pasa polita izan genuen Durangon eta Igorren.

Formazio mailako taldeek atseden asteburua izan zuten. Hala ere, U18 mailako Euskal Selekzioak partida izan zuen Hernanin zapatu goizean Frantziako Dax taldearekin eta bertan, DRTko Manex Pujana Lendinez lehiatu zen eta 32-5 irabazi zuten euskaldunek. Horrez gain, pasa den aste osoan zehar, Manex Espainiako Federazioaren entrenamendu saioetan parte hartu zuen Rugby Zazpiko modalitaten Valladoliden.

Senior taldeek aldiz, norgehiagoka garrantzitsuak izan zituzten zapatu arratsaldean. Senior Mutilek, 15:00etan Sarako Animanea zelaian III. Muga Gaindituz garaikurra jokoan izan zuten eta partida estu baten ondoren, Durangoko mutilek 31-36 emaitzaz garaipen garrantzitsua lortu zuten; batetik, Euskal Ligako sailkapenean 4. postua lortu zutelako eta horrek, aukerak ematen dizkie apirilaren 1eko azken jardunaldian, azken faserako txartela lortzeko, horretarako apirilaren 1ean 16:00etan Arripausuetan Eibarren aurkako partida irabazi edo Riojak Getxoren aurka Logroñon ez irabaztea behar dute. Bestetik, Muga Gaindituz garaikurra Durangora berriz autobusean bueltan ekarri zutelako. Gogoratu dezagun, 2020-2021 denboraldian Animanean Sarako Izarrak garaipena lortu zuela, 2021-2022 denboraldian Arripausuetan, Durangok eta 2022-2023 honetan, Animanean, Durangok. Tamalez, partida honetan Iñigo Urrutia jokalariak besoa apurtu zuen eta ebakuntza egin behrko diote. Animo “Arba”!

Senior Neskek berriz, Euskal Ligako azken fasera sailkatzeko berebiziko garrantzia zuen partida jokatu zuten Arripausuetan 18:00etan eta horretarako, Hernaiko taldea garaitu beharra zuten erasoko puntu gehigarria lortuz eta 55-29 emaitzaz, partida aurrera atera zuten. Ondorioz, sailkapeneko laugarren postua bereganatu eta azken fasea jokatzeko eskubidea dute.

Honez gain, zapatu arratsaldean Anoetan 17:00etan, Top 14ko Baiona eta Paueren arteko partida izan zen. Euskadiko Federazioaren bitartez, Rugby Eskolako U14 taldeko 4 jokalarirentzat sarrerak jasota, zozketa bidez banatu eta Joanes, Kemen, Maren eta Anartz Anoetan izan ziren eta markagailuan ikusi ahal izan genuen bezala, DRTko zapia gogoz astindu zuten. Hauekin batera, Saltsan Katerinek eskainitako Goienkaleko otzarako rifak saltzen laguntzeagatik, U16 taldeko Nora eta Ane ere Anoetan izan ziren, DRTko Zuzendaritza Batzordeko Iker eta Txusmenekin batera.

Asteburuari amaiera emateko, ostiraletik formakuntza saioetan ibilitako DRTko Sabin, Poti, Asier eta Gorka monitore eta entrenatzaileak, Bizkaiko Federazioak antolatutako World Rugby 1. maila ikastaroan izan ziren Getxon.

Hitz hauen bitartez, eskerrik asko DRT bizi eta DRT biziarazten duzuen guzti-guztie!!

#DRTfamiliagara

For translate:
https://elia.eus/traductor