“Momentu honetan taldeak ekipo gisa funtziona dezan lantzen ari gara, baita errespetua, konfiantza… eta eboluzioa ikustea polita izaten da”

Durango Rugby Eskolako U10 taldeko staff teknikoa: Asier Bakedano eta Poti Sánchez monitoreak eta Jon eta Ricard delegatuak

Eskola Kirola urtarrilaren 29an bueltatu zen berriz eta horrek Durango Rugby Eskolaren asteburuko konpromisoen buelta ekarri zuen. Aurreko astean Kakarraldorekin jolastu ondoren, asteburu honetan Elorrio Gernika Arratikorekin aritu dira Arripausuetan.

DRE U10 taldeko staff teknikoaren atzean Asier Bakedano eta Poti Sánchez monitoreak daude eta Jon eta Ricard delegatuak. Asier Bakedano abadiñarrak lau urte daramatza DRT familian eta bere oroimenean ere oraindik 2020-2021 denboraldi gogorra duen arren, ilusioz eta gogo askorekin bueltatu direla adierazten du. “Aurtengo denboraldian apurka apurka normaltasunera goazela dirudi eta gogotsu eta ilusioz gaude. Gainera txikiak oso jarrera positiboaz daude eta berriz ere beste talde batzuekin partiduak jolastea oso onuragarria da guztiontzat”.

Poti Sánchezen kasuan, 1987 urtetik DRTn parte da. Lehendabizi jokalari, gero beterano eta orain monitore bezala. Pandemiaren olatuak direla eta oso denboraldi arraroa izaten ari da, “baina ondo eramaten ari gara, partiduekin gabiltza berriro eta taldea errotzen. Modu honetara gure neska-mutilak errugbiko baloreetan hezi eta kirola praktikatzen dute”. Txikiak nola dauden galdetuta pozik daudela erantzuten du. “Entrenamentu saioetara gogotsu datoz eta azkar batean ikasten dituzte ikasi beharrekoak eta ondorioz, bai arlo personalean eta talde-kirolean hobetuz doaz. Momentu honetan taldeak ekipo gisa funtziona dezan lantzen ari gara: nola kokatu zelaian momentu oro, batez ere. Ez da lan erraza, baina umeek erraz barneratzen dute”.

Bestalde, “taldekideei, moritorei eta arbitroei errespetua izatea irakasten diegu. Baita konfiantza, seriotasuna, ardura, eskuzabaltasuna, enpatia, batasuna. Eboluzio oso handia eta polita ikusi dugu talde moduan eta bakoitzean”, gehitzen du Bakedanok.