“Hasiberriak izanda ere eboluzioa da garrantzitsua eta hau nabarmena izan da”
Iñigo Barrenetxea eta Edorta Agirre U16 Formakuntza taldeko entrenatzaileak dira
20-21 denboraldia amaitzen ari da eta urte berezi honen balantzea egin behar da. Hona hemen Iñigo Barrenetxea eta Edorta Agirre U16 taldeko entrenatzaileek egiten duten balorazioa.
Nola eraman duzue osasun egoerak eragin duen entrenamendu eta partiduen egokitzapena?
Iñigo Barrenetxea. Ni berandu hasi nintzen entrenatzen, kontaktua egin zitekeenean, baina horrela ere ez da erraza izan jokalariekiko hurbiltasunagatik. Uste dut adin zaila dutela eta gertatu den guztiarekin gehien sufritu dutenak direla uste dut.
Edorta Agirre. Hasieran pixkat bat txarto, baina gero ohitzen joaten zara.
Aurreko denboraldiko entrenamenduen etenak eta aurtengoa hain berandu hasi izateak ze nolako eragina izan du?
Edorta. Ez dugu denbora asko izan gauzak ondo prestatzeko. Gainera U16 taldearen lehenengo urtea izanda ohitu egin behar dira zelai osoan jokatzen eta ez da erraza izan.
Iñigo. Egia da. Ez da inorentzat erraza izan, baina gureak gehiago sufritu dutela esan dezakegu, beste taldeek baino prestakuntza gehiago behar baitzuten, guztiak lehen urtekoak baitziren.
Erraza izan da egungo egoeran entrenamenduen planifikazio bat eramatea?
Iñigo. Hasieran aipatu dudan moduan entrenatu zitekeenean hasi ginen gu. Seguruenik aurretik egon zirenek arazo gehiago izan zituzten, hala nola kontakturik gabe entrenatu behar zuten, eta hori errugbian zaila da.
Zuen taldeari begira ze nolako balantzea egingo zenuketen txapelketaren ikuspegitik zein denboraldi osoaren ikuspegitik?
Edorta. Denboraldia orokorrean oso ona izan eta txapelketan ondo egon gara, baina beti hobetzeko eta lantzen jarraitzeko gauzak daude.
Iñigo. Nire ustez, balantzea oso positiboa da. Ligako multzorik zailena izan dugu eta gureak hasiberriak dira, baina azkenean ondo hartu dituzte ideiak eta zelaian aplikatu dute. Sailkapenak ez du inporta, eboluzioa da garrantzitsua eta hau nabarmena izan da. Oso harro nago guztiez, interesa eta gogoa jarri dute, eta hori da inportanteena.